BALMASEDA

Sala de Prensa

29/04/2010

BIZKAIKO ERREPIDE ERRADIAL BERRIEI BURUZKO ERAKUSKETA

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko errepide erradial berriei buruzko maketen erakusketa inauguratu du Gernikako Batzar Etxean; zehazki, egungo komunikazioak hobetzeko Busturialdean eta Mungialdean eraikiko diren errepide erradialei buruzko maketen erakusketa.

rss Ezagutzera eman
Ardatz horien eraikuntza, funtsean, honetan datza: gaur egungo taxuketak handitu, hobetu edo bikoiztea, elementu berriak eraikiz (tunelak, bidezubiak eta bigarren erreiak). Horiei esker, komunikazioak erraztu eta segurtasuna hobetu gura da.

Ardatz berri horien helburua, lehenengo eta behin, eraikuntza-fasean, honakoa da: Bizkaiko herri-lanetako eraikuntza-sektoreko enpresen jarduera bultzatzea, lanpostuak sortzea eta kontsumo iraunkorreko ondasunen eskaria sustatzea.

Zerbitzuan jarri eta gero:
  • * Bizkaiko eskualde guztiak edukiera eta kalitate handiko bide-komunikazioen azpiegiturez hornitzea, Lurralde Historikoa hobeto egituratu eta kohesionatzeko.
  • * Bizkaiko enpresen lehiakortasuna, eta, ondorioz, jarduera ekonomikoa hobetzea, enpresa horien eta edukiera handiko komunikazio-bideen arteko konexioa erraztuz.
  • * Bizkaiko herritarrei erraztasunak ematea lan-zentroetara eta merkataritza-, kultura- eta aisialdi-zentroetara iristeko.
  • * Bizkaiko errepideetan bide-segurtasuna handitzea.
  • * Beste gizarte-onura batzuk lortzea, adibidez, joan-etorrien denbora laburtzea, hiriguneetako zarata gutxitzea eta emisio kutsagarriak murriztea.


Bizkaiko errepide-ardatz erradialak hauek dira: Urberuaga-Berriatua, Gerediaga-Elorrio, Boroa-Igorre, Ermuko saihesbidea, Zornotza-Muxika, Mungia-Bermeo eta Bermeoko saihesbidea. Gernikako erakusketak azken hiru errepide horien maketak jasotzen ditu. Geroago, erakusketa hori beste herri batzuetan jarriko da.

Zornotza-Muxika. Pasabide berriak BI-635 errepidea ordezten du, eta Zornotza eta Muxika udalerriak lotzen ditu. Tarte batzuetan taxuketa-hobekuntzak egin dira, eta, beste batzuetan, berriz, obra berriak. Autzagane gainetik ez pasatzeko, 670 metro luze izango den tunela eraikiko da. Eraikuntza berriko tarteak 6,6 km-ko luzera dauka, eta 20.000 biztanletik gorako eskualdeari emango dio zerbitzua.

Mungia-Bermeo tartea Mungiako egungo saihesbidearekiko lotunean hasten da, Plentziarako errepidearen lotunearen parean. Taxuketak iparralderantz egiten du, Mungiako saihesbidea alde batera utziz. Bidebieta aldean lotunea eraikiko da, eta, hortik aurrera, Bermeorantz jarraituko du, egungo BI-631 errepidea oinarritzat hartuz; Sollube gainetik ez pasatzeko, 1.150 metro luze izango den tunela eraikiko da. Ardatz horrek Bermeoko saihesbidearekin konektatuko du. Eraikuntza berriko tartea 13 km luze da, eta Bermeo eta Bakiorako sarbideetarako balio du. 20.000 biztanle ingururi emango die zerbitzua.

Bermeoko saihesbidea. Saihesbidea Bermeoko hegoaldean dago, eta BI-631 eta BI-2235 errepideak lotzen ditu, hirigunetik pasatu behar ez izateko.

  Noticias más vistas...