BALMASEDA

Agiriak

rss Ezagutzera eman

Adierazpena

2017/11/24


Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna 2017

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren erabakiz azaroaren 25a ‘Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna’ delarik, EAJ-PNVk, adierazpen honen bidez, bere gaitzespenik sendoena eta erabatekoena berretsi nahi du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurrean, indarkeria hori gure gizarte ereduan emakumeen eta gizonen artean ematen den desberdintasunean sustraitzen dela gogoan.


Emakumearen kontrako indarkeria giza eskubide eta oinarrizko askatasunen urraketa larria da, eta emakumeari eragozten dio eskubide eta askatasun horiek zati batean edo osorik baliatu ahal izatea. Berresten dugu gizartearen baitan dagoen desberdintasun egoera hori dela emakumeen kontra erabiltzen den bortxakeriaren oinarria, eta uste dugu indarkeria horren kontrako borrokari berdintasun politiketatik ekin behar zaiola.

Beste behin ere, zoritxarrez, gure kezka adierazi behar dugu emakumeenganako indarkeriak gure gazteen artean duen presentzia eta indarragatik. Ahaleginak egiten jarraitu beharko dugu, baliabide guztiak erabiltzen jarraitu beharko dugu gure gazteen artean harreman ez hierarkikoak eta berdintzaileak eman daitezen. Harremanek errespetuan, askatasunean eta neska eta mutilen autonomian oinarrituak behar dute izan. Gure konpromisoa da.

Adierazpen honen bidez, Euzko Alderdi Jeltzaleak bat egiten du emakumeen aurka baliatzen den indarkeriaren kontrako salaketa eta gaitzespen guztiekin. Gizartearen egituretatik sortzen den arazoa da baina, hau ere aitortu beharra dago, gero eta gaitzespen sendoagoa jasotzen du erakundeen eta herritarren aldetik. Era berean azpimarratu eta txalotu behar da erakundeen eta gizarte zibilaren aldetik egiten ari den lana, herritarren artean emakumeenganako indarkeria baliatzen den egoera guztiak ezagutzera emateko eta gaitz hau behingoz desagerrarazteko neurriak hartzeko. Baina hori dena ez da nahikoa, errealitateak ia egunero erakusten digun bezala. Horregatik, guztion ahaleginak biderkatu beharko ditugu lur planeta osoan zabalduen dagoen gaitz honen kontrako borroka gogor honetatik irabazle irtengo bagara, emakumeenganako indarkeriak ez baitu mugarik, kulturarik, arrazarik edo erlijiorik ezta gizarte-mailaketarik ere ezagutzen.

EAJ-PNVren aldetik euskal gizarteari eskatu nahi diogu beste urrats bat eman dezala, harago joan dadila. Emakumeenganako indarkeria oro gaitzesteaz gain, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunaren aldeko aldarria egin dezala eta, horretarako, balore aldaketa sakon eta zintzoa dugu beharrezko. Helburu hori lortzeko bidean generoaren arabera ezarri diren rol eta estereotiporik gabeko gizartea eraikitzeari ekin behar diogu. Emakumeen eta gizonen artean harreman afektibo-sozialak eraikitzeko moldeak aldatzeko egingo ditugun ahaleginen neurri berean lortuko dugu norabide zuzenean joango den gizartea eraikitzea.

Gure konpromisoa, EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizonon konpromiso irmoa da berdintasun planak eta neurriak abian jartzea, gure indar guztiekin bortxakeria matxistari aurre egiteko, emakumeen taldeekin eta talde feministekin elkarlanean, eskuz esku Euskadiko herritar guztiekin. Horregatik guztiagatik, euskal emakume eta gizon guztiak animatu nahi zaituztegu azaroaren 25ean ‘Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna’ren kariaz antolatuko diren ekitaldi guztietan parte hartzera.

Gure Egileak

Next Euskadi