BALMASEDA

Prentsa Aretoa

2017/10/17

Bizkaiko udalek 819 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik 2018an

Horrela onartu da Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluan, gaur eguerdian, eta aurten jasotako diru kopuruaren aldean % 3ko gehikuntza izango da

rss Ezagutzera eman
Bizkaiko udalek 819 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik 2018an

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak gaur eguerdian egindako bileran onartu du lurraldeko udalei 2018an emango zaizkien funtsen zenbatespena. Guztira 819 milioi euro banatuko dira, aurtengo ekitaldi osoan banatu beharreko funtsak baino % 3 gehiago.

Diru kopuru hori proportzioan banatuko da Bizkaiko udalerrien artean, Udalkutxa - Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bitartez. Datu hori erabakigarria da udalek euren aurrekontuak egin ahal izan ditzaten hurrengo ekitaldiari begira.

Oraingo ekitaldiko itxierari buruzko aurreikuspenez ere mintzatu da bileran. Nahiz eta behin betiko datuak datorren urteko otsaileko Finantzen Lurralde Kontseiluan ezagutuko diren, itxura guztien arabera likidazioa ez da izango aurreko ekitaldietan bezala negatiboa.

Honako puntu hau ere aztertu da, besteak beste: aurrekontu-egonkortasuneko 2018rako helburuak, gastu erregela eta zorra. Hala, bada, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak erabaki du toki erakundeek ezingo dutela gainditu diru-sartze ez finantzarioen % 60; eta, gastu erregelari dagokionez, eta gastu konputagarriaren gehieneko aldakuntza-portzentajea % 2,4 izango da.

Finantzen Lurralde Kontseilua

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte hartzeko organoa da, udal finantzaketaren banaketa helburu duena, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoko jarduera ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-jardueraren koordinazioa ere.

Hamar kide ditu, eta horietatik bost Bizkaiko Foru Aldunditik datoz: Ibone Bengoetxea, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Kontseiluko burua; José María Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzen foru diputatua; Isabel Sánchez Robles, Gizarte Ekintzako diputatua; Elena Unzueta, bozeramailea eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua; eta José Rubí, Ogasun eta Finantza Saileko idazkari nagusi teknikoa. Aurrekoei erantsi behar zaizkie gainerako bost kideak, Eudel - Euskal Udalen Elkartearen izenean parte hartzen dutenak, hau da, Balmasedako, Bilboko, Ermuko, Larrabetzuko eta Muskizko udalak.

Iturria: BFA

  Berri ikusiagoak...